Ongi etorri!

2011/04/10

Eten digitala

Sarrera honetan eten digitalari buruzko artikulu bat komentatuko dizuet.


Julio Cabero Almenara
Unibersidad de Sevilla



Zer da eten digitala?


Jende guztiak ez ditu aukera berdinak hezkuntzara, informaziora eta ezagutzara heltzeko. Giza talde batzuk, ezin izan dute teknologia batzuk erabili haien adina, egoera ekonomikoa edo kulturala... dela eta. Horixe da hain zuzen ere eten digitala, giza talde horien aukeren artean dagoen desberdintasuna.
Eten digital hori, beti eman da, ez da gauza berria eta eskolan ere eragina izan dezake.

Autoreak esaten duen bezala, Informazio eta komunikazioaren Teknologien (IKT) bidez informazioa jende guztiari heltzeko aukera dagoela, mito bat da. IKTak hezkuntzan ezartzean lortu nahi zena, berdintasuna bermatzea zen, baina errealitatean desberdintasuna sustatu da; guztiok ezin garelako interneten sartu eta informazioa iturri horretatik lortu.
Interneten konektatu ezin diren pertsonak eta giza taldeak baztertzen ari gara, internet edukitzea beharrizan bihurtu delako.


Baina eten digitala ez da eten mota bakarra, honen eraginez eten digital mota desberdinak ditugulako:
Eten ekonomikoa, eten soziala, eten politikoa, hezkuntzaren etena, adinaren araberako etena, sexuaren araberako etena, hizkuntzaren araberako etena, irakasle eta ikasleen arteko etena eta ezaugarri fisiko eta psikologikoen araberako etena.


-Eten ekonomikoa eta politikoa: Teknologia berriak garatuz doazen bitartean, herrialde pobre eta aberatsen arteko desberdintasunak handitzen doaz. Zergatik? Teknologia berrietara irizteak, garapen ekonomikoa ahalbidetzen duelako.

-Eten soziala: Eten digitala, bazterketaren arrazoietako bat da, teknologia berriak erabili ahal dituzten eta erabili ezin dituzten pertsona, talde, instituzio eta herrialdeen artean.

-Hezkuntzaren etena: IKTei heltzeko aukera izateaz gain, erabiltzen ere jakin behar dira. Gaitasun digitala edukitzea ezinbestekoa da IKTei etekina ateratzeko.

-Adinaren araberako etena: IKTak gehien erabiltzen dituen adin multzoa 25-34 urtekoa da, eta honek ere desberdintasunak sortzen ditu.

-Sexuaren araberako etena: Gizonezkoak dira teknologia berriak gehien erabiltzen dituztenak eta horrek ere emakume eta gizonen arteko desberdintasuna areagotzen du.

-Hizkuntzaren araberako etena: Sarean hizkuntza nagusia ingelesa da, beraz, bertako eduki asko ulertzeko ingelesa jakitea beharrezkoa da.

-Irakasle eta ikasleen arteko etena: Ikasleek erraztasun handiagoa dute IKTak menperatzeko eta normalean gehiago erabiltzen dituzte.

-Ezaugarri fisiko eta psikologikoen araberako etena: Eskoletan dauden teknologia berriak ez daude hezkuntza premia bereziak dituzten ikasteei egokituta, eta honen ondorioz, haien bazterketa areagotzen da.


Eskolaren papera

Eten digitalaren arazoa ez da konponduko soilik azpiegiturak jarriz. Hona hemen neurri honi gehitzeko konponbide posible batzuk: teknologia berrien presentzia handitzea,  teknologia egoki eta malguak txertatzea, hardwareari ez ezik softwareari ere garrantzia ematea, irakaslegoaren formakuntza, ikerketa indartzea, hezkuntza eta industria munduaren arteko hurbilketa, gizartearen parte hartzea sustatzea.

Giza-talde guztiek teknologia berriak erabiltzeko aukera izan behar dute, horretarako, haientzat teknologia berriak zerbait normala izan behar dira, eta erabiltzen jakin behar dute. Hori posible izateko, IKTak irakaskuntza prozesuan txertatu behar dira, horregatik irakaslegoaren prestakuntza beharrezkoa da. Gaitasun digitala edukitzea ezinbestekoa da eten digitala gainditu ahal izateko, izan ere, teknologia berriak eskura baditugu baina ez badakigu erabiltzen, ez diegu etekinik aterako.

Hezkuntza mundurako erabilgarriak diren teknologia berriak sortzeko, ezinbestekoa da fabrikatzen dituzten enpresak eta hezkuntza munduko profesionalak harremanetan jartzea, produktua elkarrekin sortzeko, ezaugarriak proposatzeko. Enpresek erabiltzaileen iritziak kontuan izan beharko dituzte produktu on bat ateratzeko.


Ikusi dugun moduan, eten digitala gainditzea beharrezkoa da giza-taldeen bazterketa leuntzeko, mundu guztiak informazioa edukitzeko aukera izan behar duelako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario